Skip to content
Galeria

Ordiziako erakusketa

ARRATSALDEKOA Euskadi irratia

Euskadi irratian, Arratsaldekoa programan, Arantza Iturbek Jose Luis Otamendi eta Xabier Baztarrikarekin izandako elkarrizketa.

Euria nola egin





Gu ez gauden lekuetan

GU EZ GAUDEN LEKUETAN

 

gu ez gauden lekuetan jendea dago

gu ez gauden lekuetan metatzen dira

munduko arropa maiztuak

hamaika zauriren ametsak mendekuak…

 

gu ez gauden lekuetan gu ez gaude

baina maiz bagauden itxura egiten dugu

eta urrundu egiten gara gabiltzan lekutik

inon ez egotea posible balitz bezala

-bi punturen arteko distantziarik luzeena gezurra da-

eta idiotak bezala begiratzen dugu inor islatzen ez duten ispiluetan

 

gu ez gauden lekuetan gu ez gaude

eta batzuetan inon ez bageunde bezala bizi izaten gara

ikusezin izateko ahalegin zoroan…

 

ez dakit zergatik dauden gu ez gauden lekuak

ez dakit zergatik ezin dugun egon leku guztietan

hainbeste dira defendi ezinak zaizkigun lekuak

eta hala ere gu ez gauden lekuetan jendea dago

zein bere izateko erari nolabait eusten

-bi lekuren arteko distantziarik handiena gezurra da-

eta gu ez gauden lekuetan jendea bizi da

Gu ez gauden lekuetan (traducción al castellano)

DONDE NO ESTAMOS

donde no estamos hay gente

donde no estamos se amontonan

las ropas usadas del mundo

los sueños de múltiples heridas

venganzas…

no estamos donde no estamos

pero a menudo aparentamos estar allí

y nos alejamos de lo que somos

como si fuera posible no estar en ningún lugar

-la distancia más larga entre dos puntos es la mentira-

y miramos como idiotas espejos que no reflejan nada

no estamos donde no estamos

y a veces vivimos como habitantes de la nada

esforzándonos desesperadamente por ser invisibles…

no sé por qué hay sitios donde no estamos

no sé por qué no podemos estar en toda partes

son tantos los lugares que no podemos defender

y aún así donde no estamos hay gente

procurando cada cual mantener su forma de ser

-la distancia mayor entre dos puntos es la mentira-

y donde no estamos vive gente

Ordiziako erakusketaren partaideak, babeslea eta ordutegia

azkenaurrekoa.gifordutegia.gif

Euria Nola Egin (bideoko elkarrizketa)

Euria nola egin

Jo dezagun trumoiak jo duela. Zaparradak aterpe bila jarri du jendea. Urte askoren ondoren, kanpoan euri jasa ari duela, bi lagun elkarren ondora ekarri ditu arkupe berean babesteak.
Urteek arte plastikoak lantzera jarri dute Xabier Baztarrika, eta idaztera, berriz, Jose Luis Otamendi. Idazten edo margotzen hasi baino askoz lehenago, ordea, ikasketek eta nerabezaroko adiskidetasunak lotu zituen elkarrengana. Donostian beti.
Loiolako La Salle ikastetxean ezaupidea egin eta bi urtez ibili ziren batxilergoan. Ondoren, EUTGn bost urte eman zituzten elkarrekin historia eta beste gauza asko ikasten…
Adiskidetasunak, eta erne zitzaien zaletasunak behin eta berriz ekarri du artista idazlearengana, eta idazlea margolariarengana. Erakusketetako katalogoak, liburu azalak, koadroen izenburuak, erakusketen aurkezpen ekitaldiak, eta erakusketa eta instalazioak burutu dituzte lankidetzan azken hogeitaka urtetan.
Euria ari du kanpoan. Atertu bitartean, aspaldiko lagunak, berriketa arinean, lehengo egunez, lagunez, eta egungo asmo eta proiektuez ari dira. Baina egiten duten lanak sortzen dizkien kezkak ere hizpidea hartu die azkenean. Bakoitza norbere lanetik abiatu eta gai larriagoetara ekarri ditu solasak.

– O.: Pentsatzen dut kontraesanean bizi dugula, guk sormena edo esaten diogun hori. Konpontzen erraza ematen ez duen kontraesana dela esango nuke, gainera.
-X.: Berez bizitzearekin berarekin edo bizitza imitatzearekin nahikoa ote dugu? Nire ustez bizi duzunari jartzen diogun begiradak ematen dio interes berezia egiten duzunari. Egunero ia akordatu gabe egiten dugu gauza mordoa…, baina egiten ditugunei arretaz begiratzen hasten bazara, begiratzeko era ere aldatu egiten da zeharo.
-O.: Hori hala da…Baina, bestetik, beti ari gara, sortzen zaizkigun galderei eta estimuluei erantzuten. Ia-ia arnasa hartzen dugun bakoitzean aukera bat egiten ere ari gara, eta, jakina, hori egiten duzunean beste aukera asko alde batera uzten ari zara. Eta horretaz konturatzeak gatazka sortzen dizu, egonezin moduko bat, ez dakit…
X.: Baina zuri sortu zaizkizun kezkei emandako erantzuna nonbaiten jaso behar duzu, beste inorentzat ere interesa izan dezan, jendeak zure erantzuna ezagutzeko edo ikusteko modua izateko. Arteak heldulekua behar du.
O.: Bai, egia. Paperik gabe, margorik gabe, nola-halako soporterik gabe sormenaren bideak laburrak dira oso, eta hori gabe ez daukate irauterik.
X.: Baina horrekin ere kontuz, transzendentzia iraupenarekin lotzeko kontua zaharkitu samarra iruditzen zait. Performanzeak, instalazioak eta zuzeneko saioak, arte bizia-eta ezin dituzu bazterrera bota…
O.: Nik, berriz ere, lehengora etorri nahi dut, Xabi. Ez dakit jabetzen garen aukera bat egiteak duen garrantziaz …
-X.: Labain samarra da auzi hori, neurrian hartu beharrekoa iruditzen zait. Ezin dugu itsutu beti postura hartzeko kontu horrekin, bestela obsesio bihur daiteke eta horrek berak sortzen lagundu beharrean paralizatu egin zaitzake.
-O.: Baina, bestetik, sormenaren aukera egitearen alderdi hori baztertzen badugu, gure lana ez al dezake jolas hutsera eraman, fribolitate errazegia bihurtu?
-X.: Begira, zuk nahi duzuna esan baina pentsatzen dut pinturak badaukala berezko balio bat. Izan ere, hautatzen duzun estiloa eta teknika ere bada aukera egitea; ezta? Artea ofizioa eta askatasuna ez al da?
-O.: Konforme. Uste dut ofizio den aldetik tradizioan oinarritzen dela, eta askatasuna den aldetik zerbait berria ere bilatzen duela. Eta hori ere hautua da neurri batean. Bestela suerteari eta halabeharrari indar handiegia lagatzen diogula iruditzen zait.
-X.: Sormen prozesuko elementu bat gehiago da halabeharra, beste aukera bat azken batean. Eta, askotan, ez nolanahikoa. Ez ahaztu sormena prozesu dinamikoa dela, ari zaren neurrian aldatzen dena.
-O.: Arrazoia duzu. Neuri, eta hitzekin aritzen naizelako izango da hori, gehiago interesatzen zait, hala ere, kaos antolatu bat edo nolabaiteko sintaxi bat bilatzea. Destino zoroaren kontrako lana ere izan daiteke sortzea; ezta?.
-X.: Argi ibili, ordea, diskurtso bat eratzeko obsesioak ito egin baititzake sortzeko aukerak azkenean. Uste dut politizatuegia dagoela edertasunaren eta artearen kontzeptua.
-O.: Behar bada bai. Bakoitzak zer dugun nahiago azpimarratzen dugu. Lehentasuna non jartzen dugun une bakoitzean. Batzuetan aurrena datorkigunarekin konformatzen gara, baina ia beti lan handiagoa eskatzen du gure jardunak. Han eta hemen begira ibiltzea, etengabe bilatzea… Hori politizatzea bada?
-X.: Ez dakit aurreiritziak eta gustuak ez ote ditugun nahasten.
-O.: Niretzat ikuskera politiko eta sozialak dena kutsatzen du. Ideologizatuegia dagoela gure jarduna…?Ba, seguru asko bai.
-X.: Eta premisa horrekin erratuta ba gaude; zer?
-O.: Orduan baliteke orain arte egin dugun lana oinarri ustelen gainean eraikita egotea. Arrisku hori ere hor dago. Eta beldurgarriena Xabi; beranduegi ez ote da dagoeneko hainbeste urteko okerra zuzentzeko?
-X.: Oso aitorpen tristea iruditzen zait hori. Konformismoa edo etsipenaren itzala sumatzen dut hor.
-O.: Ez da aitorpena, galdera da!
-X.: Artearen egiteko nagusietako bat egonean dagoenari, konformismoari aurpegi ematea dela uste dut. Edertasuna eta mina, bizitzaren eta dinamismoaren alde jartzea.
O.: Hori bakarrik?
X.: Ez. Beste gauza asko ere bai… Esaterako, sormenaren alderdi terapeutikoa. Eguneroko astindu eta kolpeei aurre egiteko lagungarria da artea, porrotari eta nahigabearen kontrako botika edo…
-O.: Hala ere, alderdi terapeutiko hori helburu baino sormenaren ondorio dela iruditzen zait…
-X.: Baliteke, baina beste kontu bat ekarri nahi nuke hona. Duela hogei urte idazten zenuena eta orain idazten duzunaren artean aldea ikusiko duzu, noski? Hala ere, une bakoitzean sentitu duzuna adierazteko tresna baliagarri izan al da zure lana? Ni horrek ere dezente kezkatzen nau.
-O.: Horrek eta egin duzunaren nola-halako koherentziak, diskurtso modu bat osatzeak; ezta? Ezin gintezke zoro-zoro haizeak nondik joko ibili, beti moda edo joera nagusien menpean. Nire lana eguneroko martxak asko baldintzatzen du. Hala uste dut behintzat.
-X.: Ez da hori kontua. Eman dezagun koadro bat, poema bat, kantu bat egiten dugunean guretzat berria den errealitatea ari garela asmatzen. Hala ere ez dut garbi ikusten zertan izan behar duen errealitate berri horrek eguneroko ezerekin lotutarik.
-O.: Horrek neure burua eta sentimenduak ulertzen laguntzen dit. Beldurra ematen dit poema bat egitera bultzatu zaituen ideiaren eta testuaren artean desfasea egoteak. Azken produktuan ezin antzeman izatea zerk eragin duen obra hori.
-X.: Aizu!; artea bera da errealitate berri bat. Guk gauza berri bezala sentitu dugu sortzen ari ginenean. Bestela, agian, sortzen saiatu ordez hobe genuke berrien ilustratzaile edo kazetari lanetan ariko bagina…Errealitatearen ikuspegi labur horrek ezin du sormena mugatu.
-O.: Hori ere hala izango da Xabi, baina beti daukat barruan harra, esaten didana ez ote nabilen mundutik aparteegi, artearekin gogoetak, sentimenduak biluztu ordez, eder jantzi baten itxuran errealitatea ezkutatzen ez ote naizen ari.
-X.: Baina arteak berea du sujeritzeko indarra, eta hori errealitatearen imitazio hutsa baino gehiago da.
-O.: Nabarmena da zertarako ari garen lanean: zentzu bat eman nahi diogu egiten dugunari. Gaur eta hemen bizi izatearen zama hori, margoak, marrazkiak, zinea, musika, hitzak erabiliz saiatzen gara adierazten.
-X.: Eta uste dut horretan ez gaudela erabateko porrotera kondenatuak. Noski, komunikazioa ez da helburu bakarra, komunikazioa ere bide bat da.
-O.: Ez dakit zer esan. Komunikatzeak arintzen digu porrotaren zama, nahiz hasterako onartu ahalegin horren mugak.
-X.: Uste dut ezer ez dela betiko, eta artearen lana ere etengabe berritu beharreko zerbait bezala ulertu behar dela. Inoiz zerbait handia izatera irits daitekeena akaso, baina galkorra ere badena.
-O.:Baina hori bera ere borroka bai, baina borroka etsigarri samarra ez al da?
-X.:Eta zer uste zenuen zela ba enamoratzea, sillan eseri eta gitarra jotzea…